top of page
Writer's pictureLUZAFIT

"GORPUTZEKO JARRERA TXARRAK ZUZENTZEKO ETA TENTSIOAK ASKATZEKO GIMNASIA DA PANCAFIT"

Updated: Jan 10, 2022

Iñaki Ruizek Pancafit metodoarekin hamaketan luzaketak egiten laguntzen die herritarrei. Azpeitiko Iñaki Azpiazu kalean eskaintzen ditu saioak.


- Zer da Pancafit?


- Gorputzaren jarrera berrorekatzeko eta giharrak modu orokorrean luzatzeko gimnasia da. Gainera, gorputzeko artikulazioak mugiarazten ditugu, beti ere, arnasketa eta erritmo jakin batekin. Tentsioak eta kontrakturak askatzen ditugu ariketekin.


- Zer garrantzia du gorputzaren posturak?


- Muskuluen eta artikulazioen funtzionamendu onaren adierazle da postura zuzen eta orekatu bat hartzea. Gorputzeko muskuluen bi herenek postura funtzioa dute, eta horiek lantzea eta estimulatzea ezinbestekoa da. Postura txarren eraginez, muskulu batzuk besteak baino gehiago lantzen ditugu, eta horietan gainkarga sortzen zaigu; kontrakturak eta muskuluetako tentsioak.




- Nolako luzaketak egiten dituzue saioetan?


- Muskulu katearen luzaketa orokorrak; hau da, burutik hanketarainoko muskulu guztiak luzatzea lortzen dugu. Hamakaren angeluekin luzaketen intentsitatea gehitzen edo murrizten dugu, pertsonen beharren arabera.


- Zer dira muskulu kateak?


- Gure giharrek ez dute bakarrik lan egiten, taldeetan elkartzen dira eta muskuluen arteko kateak sortzen dituzte. Artikulazioetan edo muskuluetan deskonpentsazioren bat badago, estruktura osoari eragiten dio horrek modu negatiboan. Hamaken bidez, kaltetutako katea lantzen dugu, galdutako elastikotasuna berreskuratzeko eta blokeatuta dauden artikulazioak askatzeko. Horrekin guztiarekin, gure gorputzaren funtzionalitatea hobetzen dugu eta eguneroko ekintzetan nabaritu egingo dugu.


- Zer alde dago ohiko luzaketen eta hamakakoen artean?


- Hamakarekin, luzaketa orokorra egiteaz gain, denbora guztian izango dugu gorputza lerrokaturik. Hamakaren sostenguak ez du uzten gorputza jarrera txarrekin edo lerrokatze ezarekin konpentsatzen.


- Saioak banakakoak al dira?


- Talde txikiekin egiten dut lan. Astean ordubeteko saioak eskaintzen dizkiet hileko kuota 38 eurokoa izan da, eta oso garrantzitsua da nik pertsona bakoitzaren arazoen berri izatea, lehen egunetik ondo hasteko min horiek murrizten edo osatzen.


- Nori zuzenduta dago Pancafit?


- Bizi kalitatea hobetu eta lesioak sahiestu nahi dituen edonori: kirolariei, ordu asko eserita egoten direnei, helduei, haurdun daudenei, umea izan berri dutenei...


- Nolatan ezagutu zenuen Pancafit metodoa?


- Bi belaunetan ebakuntza egin zidaten, eta, gainera, eskoliosi txiki bat dut bizkarrean. Posturari lotutako deskonpentsazio asko nituen. Duela 4 urte gomendatu zidaten hamaka bidezko saioetara joatea, eta halaxe egin nuen. Zumaian egin nituen saioak, eta epe laburrean egin nuen hobekuntza ikusita, lesioen erreabilitazioan espezializatzea erabaki nuen. Gainera, askotariko formakuntzak egindakoa naiz, beti ere, gorputzaren jarrera zuzenketan eta pertsonen ongizatean eragiteko asmoarekin.


UZTARRIA ALDIZKARIA.

AZPEITIA.




9 views0 comments

Recent Posts

See All

Comments


bottom of page